XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ane Aristi begira dagokio.

Mutiko honek ez daki bakarrik ibiltzen esan du, eta begira geratu zaio irribarretsu.

Beste esaldiren bat gehituko ote duen zain geratzen da Iñaki Abaitua, gaiztoa baino gehiago dorpea, Anek ez baitu Arantxaren trebeziarik irain egiteko.

Arantxak bai, bazekien.

Aski zuen haserrealdietan ona zaude zu esatea, besterik gabe, ona zaude zu, eta etsaiak laster ulertuko zion besteen aurrean entzun nahi ez zuen zerbait, ezkutua eta lotsagarria, labur eta zorrotz esanda jasotzeko arriskuan zegoela.

Zutitu egin da, beraz, bi eskuak gorbataren korapiloari erantsiak.

Ateari begira, handik irteteko aitzakia bila desesperatuki saiatzen delarik, Anek mutilak ezin du bakarrik errepikatzen du, oraingoan Ionen konplizitatea bilatuz, eta hau, ez daki ez, ez daki andereñorik gabe esatera beharturik sentitzen da, trufa egiteko gogoa baino, gupida erakutsiko lukeen irribarrez.

Beti izan zuen gorroto helduek haurren bihurrikeriak gaitzesterakoan erabiltzen dutena gogorazten zion irribarre amore-emaile hura.

Abelek sarritan erabiltzen zuen, eta Ionek ere bai, batzuetan hori iruditzen zitzaion behintzat.

Ongi, Kafka, ongi, esaten zioten irribarrez, zoroaren arrazoia emanez, literaturzaletasunak ulermena mugatzen ziola, edo beraren iritziak gaitzesteko aski arrazoi bazela pentsatuko balute bezala.

Adibide asko zituen, baina amorrazio bereziz oroitzen zen Abel, Ion eta Albertorekin, laurak San Bartolome eta Urbieta arteko gurutzean zeuden hartaz, egun beharbada desagertua den La Vasconia oihal dendaren aurrean.

Gertakizunak ez luke inongo interesik, bere sentiberatasuna zenbaterainokoa zen adierazteko balioko ez balu, (...)